Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Ikusezinak

2014ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Erbesterako bidean, Alsina baporearenaren bestekoa zen Ildefonso Gurrutxagak sorterrian utzi zuen ubera. Fiskal nagusia izana zen Agirre lehendakariaren Jaurlaritzan, Entzutegiko buru Tarragona errepublikanoan. Eta ogibideak legera lotzen bazuen, historia zuen galbide. Gerora ere, Martin Ugalderen Síntesis de la Historia del País Vasco bera kamutsagoa zatekeen Gurrutxagarik gabe.

Nazionalismoaren gaitz izan den idealizazioaren etsai, historia arrazoi ekonomikoetatik aztertzearen aldeko, Gurrutxagari zor diogu 1766ko matxinadari buruzko ikerketei atea zabaldu izana. Sistema forala, Ilustrazioa, liberalismoa eta herri xehearen behar gorriak harilkatzen dituen azterketa zorrotzean, Peñafloridako kondeak, Narrosko markesak eta Enparan diputatuak matxinadan eta honen errepresioan izan zuten jarrera ditu, besteak beste, begipean.

Gero gerra heldu zen, irabazleak, eta olio bedeinkatu batek estali zuen gizartea, Gurrutxaga eta historiografia kritikoa. Ostera gaiarekiko ardura piztu zenerako, desagertuak ziren agertokitik matxino lohiak eta hauen arrazoiak. Eta hala, Xabier Munibe deitu zen ikastola, plaza bat eskaini zitzaien Azkoitiko Zalduntxoei, brontzezko irudia egin Peñafloridari. Ahaztua zen heriotza-zigorra eskatu zutela gosetuen buruentzat. Eta hala, Elkano, Okendo, Blas Lezo eta Inazio Loiolakoarekin txertatu ziren Zalduntxoak, Probintziako ongizon sekulorun sekulotan.

250 urte dira Euskalerriko Adiskideen Elkartea sortu zenetik, eta ospakizunen kari, zaharrak berri Izarraizpean. Gurrutxagagandik urrun, autokritika ezpalik gabeko loratze etengabean, Andrea Pirloren birtuosismoaz hitz egingo da, Thomas Mullerren golen ederraz, eta Aime Cesaire martinikar poetaren hatsean, wolframioa asmatu ez zuten haiek, inoiz ezer ustiatu ez zuten haiek, inoiz ezer bezatu ez zuten haiek orduan bezain jo, zapaldu, ikusezin jarraituko dute historiaren zabortegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.