Pastor
DARWIN ETA GU

'Braveheart'

2014ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Erresuma Batuan segitzearen alde egin dute eskoziarrek, eta erregimen felipistaren urak baretu egin dira, tarte baterako. Espainiako jakobinoek arnasa hartuko dute, baina badute zer ikasia. EBko estatu batek erabakitzeko eskubidea onartu dio bere mugen barruko nazio bati—eta soilik bertako herritarrei—. Espainiak, ordea, ez du halakorik egin nahi Katalunian. Francoren garaiko España destino común en lo universal hark bizirik segitzen du, XXI. mendean herritarrei hitza ukatzeko. Ez da demokratikoa. «Autogobernuaren garaipena izan da», esan du Pedro Sanchezek. Bai, gizona, bai. Autogobernuaren garaipena izan da, baina autogobernuaren eta independentziaren arteko hautu librean lortutako garaipena. Hemen, ordea, menu bakarra dugu: autonomia. Eredu autonomikoaren inposizioa. Eta aukeratzekotan, badakizu:autonomia mota hau edo ezer ez.

Espainiakbadu zer ikasia. Guk ere bai. Ekonomiak berebiziko garrantzia izan du Eskoziako erreferendumean.Haatik, ekonomian edo ia soilik ekonomian oinarritutako eztabaidak bi ahoko ezpata dira. Glasgow inguruko langile askok baiezkoaren alde egin dute. Hala ere, Eskoziako herritarren %38k baino ez zuen uste Eskozia independentean egoera ekonomiko hobea izango zuela. John Curticek, Strathclydeko Unibertsitateko irakasleak, The Scotsman egunkarian argitaratutako artikulu bateko datuak dira. 65 urtez gorako herritarren %30 baizik ez zegoen independentziaren alde. Jubilatuen artean soilik %10ek uste zuen pentsioak oparoagoak izango zirela Eskozia berrian.

Kontuz abertzaletasun ekonomiko hiper-modernoarekin. Geure burua emaile hobeari saltzeko arriskua egon daiteke. Diru-zorroa gerritik bihotzera mugitzen badugu, beti egongo da baten bat, goxoki itxuraz ederragoak eskainiko dizkiguna. Gazteak gurasoen etxetik doazenean kasu gutxitan bizi dira hobeto aita-amekin baino. Hasieran, behintzat. Independentzia lortu dute, eta horrek prezio bat du. Batzuetan sakrifizioa egin beharko dute horren truke, bizitzan euren kabuz aurrera egiteko. Herriekin ere berdin gertatzen da. Duela hamarkada batzuk beharbada ez, baina orain nor dago prest independentziaren aldeko zama hori bizkarrera eramateko? Nor ausartzen da mitin bateanhau esatera: «Independentziarekin txarto biziko gara hasieran. Alta, oinarriak jarriko ditugu datozen belaunaldientzat»? Krisia dago, jakina. Dena den, ez dut uste krisiaren aurretik gure jarrera oso desberdina izango zenik.

Poltsikoa bai, burua bai, baina bihotza ere behar da. Osterantzean, merkatari boteretsuenak erosi eta lapurtuko dizkigu ametsak. Ez dut esan nahi botoa ematera Itziarren semea eta Eusko Gudariak kantatzen joan behar denik. Baina soilik Dolce vita eta Livin' la vida loca buruan ez goaz inora. Bestela, irtenbide bakarra izango dugu, inoiz independentziari buruzko bozketa batean nagusitzeko: 50 urtez gorakoei botoa emateko eskubidea kentzea, pentsioak gogoan dituztelako ordurako, eta gazteei 14 urterekin bozkatzen uztea. Nerabeak erakartzeko amua: Euskal Herri burujabean sei hilean behin azken belaunaldiko iPhone osatuena doan oparituko zaiela agintzea, eta urtean behin Justin Bieber edo Miley Cyrusekin asteburu bat —dena aukeran, jakina—. Bai, Hannah Montana ikurrina bat eskuan ikusteak Sabino Aranaren edo Federiko Krutwigen liburuek baino gazte gehiago bihurtuko ditu abertzale.

Independentzia eskema ekonomiko hutsetan planteatzea ez da zuzena. Eskoziaren independentziaren alde ingelesen kontra altxatu zenean, William Wallacek ez zuen hausnartu Bank of Scotlandek eskaintzen zituen pentsio planak National Westminster Bankekoak baino eskasagoak ziren edo ez. Gu herritar xumeak gara; ez gara heroiak. Ados. Gu ez gara Mel Gibson pantailan; ez dugu zertan Wallaceren patu latza pairatu. Ados. Poltsikoari begiratu behar zaio. Ok. Baina bihotzari ere aditu behar zaio. Eta bertan txintxin hotsa besterik ez badago... Bihotza behar da; bihotza eta adorea. Braveheart.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.