Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Galdera

2014ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Urdailera harria bezala amiltzen da Matthieu Molinasen istorioa gogora: 16 urterekin neskato bat bortxatu zuen jaioterrian, Frantziako Gard departamenduan. Eta hilabete batzuen buruan, delitu horrengatik epaitzeko zain baldintzapean aske zela —Haute-Loire departamenduko eskola batean, zaintza berezian—, beste ikaskide bati eraso zion: 13 urteko Agnes Marini. Oraingoan, bortxatu ez ezik, torturatu egin zuen, hil arte. 17 urte zituen mutilak, 2011ko azaroa zen. Epaiketan erabateko hoztasunez azaldu ei zuen min egiteko desirak, txarkeriaz aritzeko gogo hutsak, bultzatu zuela. Bizi guztiko espetxe zigorra ezarri zioten.

Urdailera harria bezala amiltzen den istorioa denez, hitz asko esan dira, lerro asko idatzi dira, familia normalaren giro goxoan hazitako mutilaren jokabideari arrazoibide gutxieneko bat aurkitzeko. Aritu dira psikologo, psikiatra, pedagogo eta era guztietako hezitzaileak; aritu dira legelari eta kazetariak: gaitz psikotikoak aipatu dira. Hori, eta azalpen kategorikoagoa: munstro bat dela.

Bere amak pausatu du hedabideetan galdera: «Emakumeen nolako irudia du halakoak egiteko?». Hain justu, semea maitatzeari utzi ezin diolako lotsak eta erruak janda bizi dela dioen amak; espetxeko mintzalekuan ninia balitz bezala munstroa belaun gainean kulunkatzen duenak berak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.