Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Terapia

2014ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Halaxe esaten da: L-A-N-A. Bat eta bakarra balitz bezala. Hitz horren barruan bizi denbora beraren truke 600 euro eskaseko ordaina eta hamar aldiz handiagoa biltzen dutenak elkarbiziko ez balira bezala. Eta eskubideen jabeak eta eskubide gabekoak. Eta lanaren bidez nor direnak, eta nor izatea bera ere ukatzen zaienak.

Adibidez, berriki, lagun bati aditu diot bere lan baldintzez kexatzeko errepikatzen pentsamendu errotu hau: «Kale garbitzaileak ni baino hobeto daude!». Edo beste era batera esanda, kale garbitzaileek ez dute merezi nik beste, haiena ez baita lana —ez bederen lan duintzailea—. Are eta gutxiago ia erabat emakumeen eskumeneko den besteren etxe-garbitzaileena —eta halaxe Kapitalaren gehiegikeriez kexatzen garenoi ere beti iruditzen zaigu egokia dela gure etxearen zama daramaten horiei ematen diegun ordaina—.

Tira, baina ziur aski egia da dagoeneko beste garai batekoak direla lanaren bidez duintzen ginen garaiak; lana zena nor izateko tresna. Galdu da lana ingurunearen transformazio bizigarriagoaren aldeko borroka gisa kontatzen zigun narrazio hura. Galdu da langile heroia. Beharbada, hoberako.

Orain, opor ostean, yoga, irakurle klub, dantza afrikar, helduentzako bertso eskola, triatloi talde eta abarretan izena ematen gabiltza saldoka. Lanaldi osterako, nor izatearen bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.