Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Lotsaz

2014ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Autobusaren deserosotasunak eraman gaitu hizketan lotzera, eserlekuen arteko espazio minimo horretan elkarri trabaka ibili baikara, puskak atondu ezinik. Desenkusak gurutzatu ditugu. Eguraldia etorri zaigu ondoren hitzetara, eta bidaiaren luzetasunari buruzko kezkak lasterrera. Ohartu garenerako bidaiaren helburuez ari gara, geure buruez.

Eta kontatu dit laneko elkarrizketa batera doala helmuga dugun hiriburura. Seme-alabak amarenean utzi dituela bi egunerako. Txikiena jaio eta urtebetera banatzea erabaki zuela, errutinagatik. Senar ohiak ez zuela batere ondo hartu, eta oso harreman zaila dutela ordutik. Diseinu enpresa batean lan egiten zuela, baina krisia edo dena-delakoa iritsi zenean bera izan zela kaleratu zuten lehena. Uste duela ama izateak izan zuela eraginik erabakian. Agortuak dauzkala langabeziak eta bestelako prestazioak. Ahaztu zaiola zer den zinemara joatea, kapritxoz jertse bat erostea, liburu berriak apaletan jartzea. Larrialdiko laguntzei esker bizi dela. Prozesatutako okela merkez, gantz saturatuz eta azukrez ari dela pozointzen seme-alabak, jateko osasuntsuagoak garestiegi zaizkiolako. Denborak daramatzala lagunik ikusi gabe. Eta pozten dela autobusean elkarrekin gertatu izanaz, azkenean, kontatu ahal izan dituelako beren arrangurak, normalean ezkutatzen dituenak, lotsaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.