Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Pedagogia

2014ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Entzuten ditut agintari eta politikariak(gehienetan ezkerrekoak) esaten herritarrekin pedagogia egin behar dela, eta sumatzen dut asmo ona, baina, hala eta guztiz, azkura jasanezin batek hartzen nau, arkakuso saldo bat nirekin laketu izan balitz bezala. Ulertzen baitut ari direla borondate onez, POLITIKApolitika-ra murriztu dituen opakutasun zein agintekeria auzitan jartzen, herritarrei entretenimenduaren ordez azalpenak eman behar zaizkiela esaten, baina hori adierazteko pedagogia hitza aukeratu izanak azkura sortzen dit.

Pedagogia esatean esaten baita herritarrei irakatsi egin behar zaiela; hau da, herritarrak direla ikasteko dauden haur xaloak, eta politikari zein agintariak haien ongizaterako giltzarri diren ezagutzen jabeak, hots, irakasleak. Edo xeheago, hitzaren etimologiara joanda: herritarrak umeak eta politikariak haien gidariak. Nolanahi ere, botere harreman ukaezina.

Eta diot planteamenduak bestelakoa ez ote duen behar: herritarrekin pedagogia egin ordez ez ote zaizkien asmo, helburu eta bitartekoak agertu behar. Agertu ez ezik, haien iritzia entzun; eta argudiatu, eta eztabaidatu. Diot ezker eta eskuinaren bereizketa hain auzitan den honetan, ezkerraren ezaugarri ez ote lukeen izan behar hurko bakoitzean nor oso eta burujabe bat hautematea, eta ez maneiatu beharreko haur bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.