Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Trantsiziokoak

2014ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Inoiz baino garaizago hasi ziren gure auzoko andreak balkoietan arropak zabaltzen 1982ko urriaren 29an. Senarra etxetik atera orduko joan zitzaion laugarrenekoa hirugarrenekoari gatz eske. Esnezaleak oso motel egin zuen partiketa, denek zutelako zeresana. Azkenerako eskailburuetan batu ziren solasera. Etxe askotan errearen zaporea erantsi zitzaion eltzekoari. Eta bakarra izan zen hizpidea: sozialistek irabazi zituztela Espainiako hauteskundeak. Gaztelatik eta Extremaduratik ailegatutako jendea gehiengo zen auzo hartan poza zabaldu zen.

Ni umetik emakumerako iraganbide malkartsuan nintzen —Espainiak munduari oparitu dion kantari arrakastatsuenak zioen bezala, hey!—, eta hasi nintzen jabetzen ordu arte gure borroketatik aparte ikusten nituen jende haiek ere bazutela zapalketa historiarik, bazutela aldaketa borondate eta ametsik.

Felipe Gonzálezen gobernuan Miguel Boyer Ekonomia superministroa berehala egin zen ezagun, erreforma suntsitzaileak zabaldu eta bestelako eredu baten ametsak zapuztu ahala.

Herenegun hil zen. Espainiak munduari oparitutako kantari arrakastatsuenaren emazte ohia utzi du alargun, hey!. Francoren oinordekoek, borboitarren senideek, enpresaburu aberatsenek, kazetari izarrek eta kirurgia estetikoko aditu handienek egin diote negar hil-kaperan. Gure auzoko andre haiei ez zaie malkorik isuri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.