Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Kontzeptua

2014ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Koldo Losada aktorearen hilketagatik haren senar Jon Ezkurdia atxilotu dutela zabaltzearekin bat hasi naiz irakurtzen egunkari digitaletako iruzkinetan genero indarkeriaren kontzeptua gaitzesten duten mezuak. Balirudike sai aldra gosetia sarratsaren zain zela. Mezuak, askotan entzundakoak: hilketa horrek frogatzen duela bikoteko indarkeriak ez duela zerikusirik matxismoarekin, baizik eta jazotzen dela jendeok sexu-afektu harremanak pasioz bizitzeko dugun berezko joeragatik. Tarteka badela emakume gizon hiltzaileren bat ere. Ondorioz, genero indarkeria kategoria feminazien asmakizuna dela gizonak kriminalizatzeko.

Luze gabe aditu ditut genero indarkeria kontzeptuaren balioa zalantzan jartzen duten gogoetak hedabide serioetako solasaldietan ere, ohartarazten sinplifikazeko arriskuaz, konplexutasunaz jabetzera deitzen. Ados nago, konplexua da kontua: hain justu, egungo sexu-genero sistema heteropatriarkaleko botere egiturek dena zeharkatzen dutelako, banako bakoitzaren izate eta emozio/sentipenen eraikuntzan eta kudeaketan eragiteraino —maitasun edo agresibitatearenean, kasurako—. Horregatik zait hain baliagarri genero indarkeriaren kategoria (hobetzekoak hobetzeko): jendarte egituren parametro konplexuetan jartzen duelako auzia, eta ez jende-on/jende-txar banaketa indibidualizatzaile ez ezik sinpleetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.