Angel Erro.
JIRA

Toallapekoa

2014ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Nire lagunek badakite, mutiletan atera izan garenean, artekari hobea izan naizela, neure interesen kudeatzaile ona baino. Dagoeneko ez naiz hain inozo. Esaterako, herenegun taberna batean ile-gorri puska bat topatu genuen eta neure buruari eskaini nion. Ordu txikietara arte ez ninduen berak hautatu, lagunak utzita, sartzerakoan xukadera bat eman dizuten lokal batean berriz aurkitu arte. Stuart zuen izena eta Glasgowkoa zen. Toallak ederki ematen zion gerri bueltan.

Harritu ninduen (baina modu egoistan poztu ere bai) Eskozian ez zegoelako, botoa emateko. Argitu zidan korreoz egin zuela abuztuan. Hunkitu ninduen kutxa itxi batean, sekretupean, gaurkoaren emaitzaren zati bat predestinatuta zegoela pentsatzeak. Berak Yes ala No bozkatu duen galdetu nion, misterioa pittin bat urratze aldera. Beste galdera batekin erantzun zidan, ea nik zer nahiago nuen berak bozkatu izana. Baiezkoa, esan nion: euskalduna naiz. Beste galdera bat egin zidan: ea benetan uste nuen Eskoziaren independentziak (eragingo zituen birkokapen politikoek) gurea hurbilduko du(t)en. Une batez gazte inozoa berpiztea sentitu nuen, besteen zoriontasuna aski duena zoriontsu sentitzeko, harik eta berak toalla askatu eta ni yes-ka hasi nintzen arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.