Ia mendea joan da Marcel Duchampek pixatoki bati Iturria izenburua eman zionetik. Orduz geroztik ur asko isuri da, inork, Parisen azken aste honetan zer gertatu den ikusita, esanen ez lukeen arren.
Vendôme plazan Paul McCarthyk behin-behinean erakusten duen lanari eraso egin diote, eta azkenean kendu dute. Lana Arbola deitzen da, eta, egiazki, hurbil diren Eguberrietako pinu horietako baten bertsio puzgarri eta diseinuzkoa ematen du, berez ipurtzulotik plazera erdiesteko butt plug baten itxura ere baduen arren. Gaur egun, sexu jostailu gehienak diseinu sofistikatukoak dira. Artea gorputz barruan sartzeko ere badelako. Jostailuok ez dira armairuan, tiraderan, ohe azpian gordetzekoak. Gau mahaiaren gainera, apalategietara eta, zergatik ez, plazara iritsi dira, zuhaitzen tokia hartuta.
Behin, gogoan dut, Gasteizen Aste Santua iragartzeko, emakume estasiatu baten aurpegiaren plano itxia paratu zuten afixetan, argizarizko malko bat edo semenezko tanta bat mazelan behera zuela. Norbaitek, eskandalizatuta, salatu izan balu, bere burua baino ez luke salatuko.
Parisen arbola bat erauzi dute. Larramendik «ignorancia, necedad»; Pouvreauk «folie, fureur, défaut de sens, sottise» itzultzen du erauzimendua.
JIRA
Erauzimendua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu