Angel Erro.
JIRA

Totelka

2014ko urriaren 31
00:00
Entzun
Espainiako Erregea Euskal Herrian da, berak País Vasco deitzen duen lurraldean egiten duen lehen bisitan. Enpresa zuzendarien jardunaldi batzuen itxiera ekitaldira dator. Hitz handiosak entzunen dira. Barrura begira, tokiko ukitua eman nahi balu (baina ez da beharrezkoa!), euskarazko apalagoak ere bai. Letizia Ortiz emazteak, atzerrian eginiko bakarkako lehen bidaian, Vienan, ingelesez eman duen hitzalditxoaren bideoa ad nauseam zabaldu zuten atzo. Nire pisukideak, Beñat Sarasola bezain anglofiloa eta ingelesezko azentuetan aditua denak, dio Ingalaterrako doinua atxiki zaiola (edo izerdiz bereganatu duela), finagoa eta, kanpora begira, monarkikoagoa. Forma ere mezua da.

Euskal Irratian aditu dut Ipar Euskal Herriko alderdi politiko guztiek bat egin dutela bake prozesuaren alde, Frantziako Gobernuari testu bat bidaliko diotela elkarrizketa bide bat eskatuz. Aurkezpenean Frédérique Espagnac senatari sozialistak kontatu du nola galdetu zion Felipe VI.ari, Parisen bisita ofizialean zela, zer egiteko asmoa duen Euskal Herriko gatazkarekin. Frantsesez galdetuko zion. Zaila da zehazten erregea zein hizkuntzatan isildu edo, gehienez ere, zezelkatu zuen.

Gaur ere, ez du deus esanen, edo —forma ere mezua da— totelka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.