Angel Erro.
JIRA

Victor

2014ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Joan den ostegunean entretenituegi ibili gara. Irailaren hamaika oro, oso entretenituak egoten gara. Miresgarria da zenbat gauza oroigarri gertatu diren irailaren hamaika batean. Iritzi emaileak ibiltzen dira, ibiltzen gara, egunaren efemeride guztien artean zeini helduko diegun, batzuetan geure burua desenkusatuz besteez ezin aritzeaz. Baina aurten irailaren hamaika handi bat ospatu da hemendik gertu, beste guztia eklipsatu duena, ia desagertzeraino.

Orain ez dut gogoan nik zertaz idatzi dudan joan den ostegunean. Badakit, hala ere, ez dudala Txileko estatu kolpearen urteurrena ukitu. Memoriaren txarrerako aurten ez du data borobila, 41 urte bete dira. Hemendik lau eta bederatzi urtetara bai, hunkituko gara erreportaje zorrotz eta mamitsuekin.

Baina bilatu nahi izanez gero, beti badago oroimenerako aitzakiarik. Gaur 41 urte betetzen dira Victor Jarari 41 urte betetzea galarazi ziotenetik. Bi aste eskas falta zitzaizkion orain bere izena daraman estadioan erail zutenean, zakarki torturatu ondoren.

Jararen fana izan gabe, haren bizpahiru kanta ezagutzen ditut ia buruz. Youtuben entzun ditut banan-banan. Pixkanaka Violeta Parraren kantetara lerratu naiz baina hori beste urteurren bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.