Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Grandola

2014ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Ezin dut saihestu: Grândola, Vila Morena-ren doinua entzun orduko oilo ipurdia jartzeaz gainera, inozentziaren—eta frustrazioen— kontrako autoborrokak ilaundutako elkartasun eta askatasun ametsak pizten zaizkit berriz. Ezin izaten diot nerabetzen nauen sukar horri eutsi, eta kantuan hasten naiz neu ere: «Terra de fraternidade / O povo é quem mais ordena / Dentro de ti o cidade». Eta ez da hor amaitzen inkontinentzia: alboan inor badut hitz eta pitz hasiko natzaio, zenbaitetan kantua Jose Zeca Afonsoren fan klubeko presidentea banintz bezala goresteko. Edo, baita ere, utopiazale jipoituaren rol autoerrukigarrian jarrita abesti horren konpasean Portugalgo diktadura zaharra garaitu zuen Krabelinen Iraultzaren edertasunean laketzeko.

Beraz, gaindituta nabil egunotan, gaur errebolta haren 40. urteurrena betetzen dela-eta behin eta berriz iritsi baitzait Grândola, Vila Morena, Facebook eta Twitteretik. Eta, tira, saiatu naiz xalotasunari uko egiten, fusil muturrak krabelinekin zigilatzen zituzten militarren keinuan irudi maiztu, onbera eta zirkustantzial bat ikusten, sinesgogor eta, beraz, inteligente izaten. Baina ezin dut: bat-batean askatzaile bihurtutako militar haien ekintzak pertsonaren baitako iraultzaren doinua du. Egiazko iraultzarena, askorik iraun ez arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.