Angel Erro.
Jira

Aukerako

2014ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Kuxinak behar nituen oherako eta ez nekien etxetik gertu kuxinik non erosi ahal nuen zehazki. Ez garestiegi. Kalean gora ibili naiz, ea zoria alde dudan. Egunkaria ere bai behar nuen eta kioskoa itxita topatu dut. Irekita aurkitu izan banu, akaso portadaren baten bazter batean irakurri ahal izanen nuen Iruñean 2013an 288 merkataritza-lokal itxi dituztela (1.858 denda, azken sei urteetan).

Egiazki, azkenaldian, solasaldi askoren topiko berria da zenbat toki itxi behar izan duten. Denda txikientzat ez zen krisiaren lehenago ere erraza, saltoki gune handiak direla eta katea erraldoiak direla. Iruñeko Karlos III etorbidea, hiri guztietako kale printzipalenak bezala, Inditex markarena da goitik beheiti, Ortega jaunarena. Erosleoi ahantzi zaigu (edo ez dugu pentsatu nahi) denda txikiagoetatik familia bat bizi dela, gehienetan elementu guztien aurka borrokan.

Azkenean topatu dut kuxinak non erosi. Eta bide batez buruko handi eta gogorxeago bat eskuratu dut. Eta bi maindire sorta. Merke-merke, dena. Likidazioan daude denda itxi behar dutelako. Erosketa ona egin izanaren sentsazioari harrapari ibili izanarenak gaina hartu dio. Gaur, goxo, garbi, bigun lo eginen dut nire ohe jantzi berrian. Eta ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.